GAU ILUNA
Arimaren kantuak, ukapen espiritualaren bidez perfekzioaren goi-mailara iristeaz gozatzen denarenak
1. Gau ilun batez barnea
maitasunetan sutan zegoela,
oi zorion unea!
inork ez nakusela
irten naiz nire etxea bakez zela.
2. Ilunik eta segur,
mailadi gordetik mozorroturik,
zorioneko adur!
ilunik eta ernerik,
nire etxea bakean geraturik
3. Gau txit dohatsu hartan,
ezkutuan inork ikusi barik,
bista jartzeke ezertan,
ez nuen beste argirik
ez gidarik, barnean zena baizik.
4. Argi honek ninderaman
eguerdi-argiak baino hobeki;
itxaroten neukan han
nik nekiena ongi,
inor ere ez zen tokian egoki.
5. Oi gau, bai gidari fin!
ez da ez goiza zu bezain atsegin!
zuk zenuen eragin
hor zedila bat egin
maitea bere maiteñoarekin.
6. Nire lore-besotan,
osorik berarentzat bainituen,
han geratu zen lotan,
nik laztandu ohi nuen,
izei-haizeak aireztatzen zuen.
7. Gazteluko haizeaz
nik haren ilea ihaurtzerakoan
hark bere esku nareaz
jo ninduen lepoan,
eta utzi zentzuen lozorroan.
8. Geldi nintzen eta ahantzi,
aurpegia Maiteagan jarria,
dena eten eta utzi,
neure kezka-egarria
zitori artean ahantziz ezarria

San Juan de la Cruz
Itzulpena Luis Baraizarrarena